XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Goiz buelta besterik ez dut Tokyokoa.

Bihar arratsaldean bueltatuko da nire charter hegazkina Eguzki Jaio Berriaren Hiri Nagusitik.

- Bihar arratsaldean, beraz? - Ez, ez da posible.

Bihar arratsaldean Kopakabana-ra irten beharra daukat.

Kopaka bana ez, bina ere hartuko nizkinake oraintxe bertan pentsatu zuen Madame Kontxexik, ez zuela zitarik egitea lortuko etsita.

Baina ez zuen aditzera eman amorraziorik: - Noiz, orduan? - Oraintxe bertan.

Madamek doi-doi gainditu ahal izan zuen telefonoa esegitzeko gogoa: - Adixkidea, afaltzeko ordua da!.

- Ordu bete barru afari goxo askoa izango duzu prantatua nire etxeko mahai gainean.

Rosa O`Klabelin agurtzeko aukerarik ere ez zuen izan, ez zuen enziklopedia poetikoaren tomoetako zelofana askatzen ari zen Bixentikori zeinen diruarekin ordaindu behar zituen tomo guzti haiek galdetzeko betarik izan, ez zuen etxeko garaje aurrean zegoen Stop seinalea errespetatzeko astirik izan, eta han irten zen, saltoka hasieran, abiada osoan gero, Madame Kontxexiren Dyane berdea, autoa saihestu nahian semaforoa jo zuen ertzainaren motorrari jaramonik egin gabe.

Prit!, prit! prit! hasi zen lurretik txilibitua joka ertzaina, baina laugarren prit-erako Dyane berdea galdua zuen bistatik okotza trajearen kolore berdinekoa egin zitzaion ertzainak.